XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kronologia IRAILA /84 Irailaren batean azaldu zen Herriz Herri 84 kanpainaren balantzea.

Antolatzaileen ustez, aurrez espero zitekeen baino harrera hobeagoa izan zuten uda horretan antolaturiko ekitaldiek.

Hamar mila lagun bildu omen ziren Gipuzkoan buruturiko ekitaldietan, hiru mila Araban eta zazpi mila eta bostehun Bizkaian.

Irailaren 3an hasi zen Ugaoko Kultur Astea.

Beste zenbait ekitaldiren artean 83ko uholdeei buruzko argazki erakusketa, Euskal Herriko Geografia eta Historiaren azterketa, Iñigo Agirreren eskutik, umeentzako lehiaketa, antzerki eta filmeak, etab...

Irailaren zazpian amaitu zen Aste Kultural hau, bezperan Euskararen Eguna egin ondoren.

Irailaren 7an bildu ziren Zestoako Bainuetxean Euskal Herriko Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko partaideak, asteburu osoa iraun zuen AEKren Mintegia deritzon biltzar berezian.

AEKk etorkizunaren aurrean zituen arazoak aztertu eta eztabaidatu ziren biltzar edo mintegi honetan.

Irailaren 7an kultur aste bat egin zen Antsoainen, Agur Everest filmea aurkeztu zutelarik Lorentek eta Rosenek.

Zortzian txirrindulari martxa bat eta jazz kontzertu bat.

Igandean haurrentzako ekitaldiak Zarata taldearen eskutik.

Astelehenean filme bat eta emakumeen koordinakundekoekin mahaingurua.

Asteartean errefuxiatuei buruzkoa eta asteazkenean Hitz antzerki taldearen El bardo de Itzaltzu.

Irailaren 8an 500 txistulari bildu ziren Bermeon, herriko jaiak aprobetxatuaz.

Txistularien batzarre nagusi hau Herriko Lagunak elkarteak antolatutakoa izan zen eta txistulari guztiak elkarte horretako partaide izandakoak dira.

1966. urtean sortu zen elkartea eta gaur egun 28 partaide ditu jo eta ke txistuari ekiten diotenak.

Irailaren 9an Aezkoako Eguna ospatu zen Abaurrea Behekoan.

Zazpigarrenez antolatu den festa honetan ibar horretako herri guztiak biltzen dira.

Trikitilariak, txistulariak, herri kirolak, herri bazkaria, jotak eta berbenak izan ziren festaren gune.

Tartean Abaurrea Behekoaren jatorriei buruzko azterketa bat ere aurkeztu zuen bertako ikerlari batek.

Hilak bederatzian, igandean, izan zen Nafarroa Euskal Herria lemapean bildurik Baztandarren Biltzarra Elizondon.

Unión Baztanesa taldeak nahi ez izan arren, hamar mila lagun inguru izan ziren Elizondoko karriketan resta eta erreibindikazio giroan bildu zirenak.

Irailaren 12an ezagutu zen Euskal Herrian Odón Apraiz y Buesa ANVko militante historiko eta kultur gizon ezagunaren heriotza.

1898ko martxoan jaio zen Gasteizen bere garaian hain historilari ospetsua izan zen euskaltzale eta abertzale amorratu hau.

88 urte zituen.